"...eta bien bitartean, herrialde bat bitan zatitua eta milaka familia joan den hogeita hamar urtean bereizketa, erbestea eta errepresioa pairatzen. Horra balantze hitsa, horra bere ASKATASUNA ETA LURRA defendatzeaz beste deliturik ez daukan herri baten gainera erori den zigor latza"
Posible ote da duela 25 urte eraikitako harresi izugarri honen ondorioak orrialde bakar batean biltzea? Hona hemen ondorio aipagarrienak.
Harresi honen funtsezko helburuak: espantsionismoa, anexionismoa eta kolonizazioa:
Ondorio nagusiak:
- Sozialak :
- Karta Magnaren 28 artikulu baino gehiago urratzen ditu larriki.
- Funtsezko giza-eskubideak porrokatzen ditu (okupazioa batetik, eta errefuxiatuen eskubideak bestetik).
- Harresia zutik dagoen artean sahararrek erbesteratuta jarraituko dute, familiak zatituta eta Saharako eta eskualde osoko populazioaren jarraipen soziokultural eta familiarra hautsita. Harresiaren mendebaldean torturak, umiliazioak, zapalketa eta bortxaketak gertatzen dira.
- Politikoak:
- Harresia da sahararren autodeterminazio erreferenduma egiteko dagoen oztopo (fisiko nola psikologiko) bakarra. Harresi horrek eskualdearen egonkortasun politikoa eragozten du eta zaildu egiten du Magreb arabiarraren batasuna, Afrikako Batasuna eta eskualdeko zein nazioarteko beste erakundeen jarduna.
- Oztopo oldarkor hau Aljeriako hego-sartaldeko mugaren ondo-ondotik igarotzen da eta legez kanpo jaten ditu Mauritaniako lur pusketa zenbait.
- Ekologikoak eta ingurumenekoak:
- Harresi hau egiteko milaka zuhaitz bota ziren, non eta basamortuan!
- Lehertu gabeko mina eta lehergailuen kutsadura.
- Eragotzi egiten du hedapen urbanistikoa, hau da, hiriak, herriak, eskolak eta eritetxeak egiteko aukerak murrizten ditu.
- Eraikuntzarako balia daitezkeen gai apurrak (harriak, harea, e.a.) harresirako erabiltzen dira.
- Marokoko soldadu eta ofizialek kontrolik gabeko ehiza egiten dute.
- Sarbidea zarratzen dio jendeari nekazaritza guneetara, iturri apurretara, e.a..
- Ekonomikoak:
- Harresiaren babesean sahararren ondasun naturalak —lurreko eta itsasoko aberastasunak— sistematikoki lapurtzen ari dira.
- Harresiak eragotzi egiten du Mendebaldeko Saharako merkataritza (hala barrutik kanpora nola kanpotik barrura) eta hori Nazioarteko Legeriaren urraketa nabarmena da.
- Psikologikoak:
- Harresi honek hiru aukera baizik ez dizkie uzten sahararrei norabait mugitu nahi badute: iparraldera jotzea Marokotik barrena, mendebaldera jotzea pateretan Atlantikotik zehar, eta sortaldera jotzea baina harresia, 160.000 soldadu, milioika mina, radarrak, alanbradak eta txakurrak gaindituz. Kanpo zabaleko munduko presondegi handiena da, muga inprobisatu eta berriztatu bat.
- Errekorrak:
- Saharako harresiak 20 markatik gora hausten dituenez, beharbada Guinness erakundeak aintzat hartu beharko luke bere liburuan sartzeko. Sekula egin den eraikuntza luzeena da, historia guztian egin diren 10 lerro luzeenen %30era iristen baita. Herri bat gehien zatitu duen oztopo artifiziala da, mina-dentsitate handiena daukan eskualdea, lurralde kontrolatuena, eta abar.
- Partzialkeria:2004ko maiatzean, ordurako MINURSOk jadanik 14 zeramatzalarik Saharako su-etena gainbegiratzen, misio horren jurisdikziopean GLB hizkiak zeuzkan mina bat aurkitu zen harresiaren ondoan —2001ean egindako mina bat! Halako gauzen aurrean NBEk ez ikusi egiten du eta ez du ezelango neurririk hartzen, nazioarteko legeriaren urraketa garbia diren arren. Gaur egun Marokoko armadaren lan nagusia harresia sendotzea da eta su-eten akordio guztiak harresi horren kontra porroskatzen dira. Bien bitartean nazioarteko komunitateak gor eta mutu jarraitzen du, jaramonik egin gabe harresiak eragiten dituen kalte eta lege-hauste guztiei.
- Gaitzespena:
- Harresia gaitzesteko ahotsak oraintxe hasi dira zertxobait entzuten, zein-eta sentsibilitate berri bat sortzen hasi balitz bezala harresiak dakartzan ondorio txarrak salatzeko. Italiarrak eta espainiarrak izan dira gaitzespen ahots horiek adierazi dituzten lehenak, harresiaren sortaldean pare bat manifestazio eginez. Maila ofizialean ere agertu dira gaitzesle gutxi batzuk, bereziki Hugo Chavez Venezuelako presidentea, Erromako alkatea, Walter Veltroni jauna, beti mugimenduaren abangoardian dagoena, eta Pierre Galland Belgikako eurodiputatu ohia, harresiaren aurkako ekintza praktikoena burutu duena: gutun bat bidali NBEko Idazkari Orokorrari harresi sistemaren ondorio txarrak salatzeko.