Nazioarteko inongo erakunde edo instantziak ez du onartzen Marokoren subiranotasuna Mendebaldeko Sahararen gainean, 1961tik hona Saharako arazoa deskolonizazio arazo bat bezala jasota dagoelako Nazio Batuen Erakundeko agendan.
Marokok, bere aldetik, Mendebaldeko Saharako zati handi bat indarrez beretu ondoren eta zazpi urteko gerra odoltsu batetik landa, estrategia berri eta artean munduan beste inon ikusi ez zena abiatu zuen: harresiak eraikitzea. Marokoko gobernuak dio harresi horiek beharrezkoak direla “defentsarako”, eta hortik heldu da hain zuzen marokoarrek eman dioten izen faltsua: “defentsako harresia”. Bizkitartean, errealitateak goitik behera gezurtatzen du deitura hori, harresiaren helburua ez baita defentsa, baizik eta espantsionismoa, anexionismoa, Marokotik bidalitako kolonoz Sahara jostea eta okupazioari babesa ematea.
Argi baino argiago dago Saharako harresiarekin Marokoko agintariek larriki urratzen dituztela oinarrizko giza-eskubideak.
Genevako IV. Konbentzioko 23. artikuluaren arabera, sinatzaileak behartuta daude oztoporik ez jartzera sendagai, osasun gai, janari eta jantzien joan-etorriei. Artikulu beraren c) atalean adierazten da zilegi dela eginbide hori ez betetzea etsaiak gai horietatik etekin nabarmena ateratzen badu bere ekonomia edo gerra ekintzetarako.
Genevako 53. artikuluak xehekiago aztertzen ditu arazo horiek:
"Indar okupatzaileak debekatua du gizabanakoen, Estatuaren, erakunde publikoen edo gizarte-erakunde edo kooperatiben ondasun higikor eta higiezinak suntsitzea, salbu eta suntsiketa horiek ezinbestekoak badira gerra operazioen ondorioz”. Marokok eraikitako harresiak eragotzi egiten die sahararrei beren lurreko hainbat ondasun erabiltzea, hala nola iturriak, labore lurrak edo abereentzako bazkalekuak. Horrezaz gain, harresiak erbesterako bidea hartzera bortxatu ditu herrixka sahararretako milaka lagun.
Horrek talka egiten du baita ere Genevako Konbentzioaren 52. artikuluarekin, zeinek honela dioen: “Debekatzen da langabezia sustatzea edo enplegu aukerak murriztea herrialde okupatu bateko langileak indar okupatzailearentzat lan egitera bortxatzeko".
Genevako laugarren Konbentzioko 27. artikuluak honela dio: “alderdi beligeranteek eskua daukate gerraren kausaz beharrezkoak diren kontrol edo segurtasun neurri guztiak hartzeko babesten dituzten pertsonen gainean”. Halere, xedapen horrek ez ditu justifikatzen Marokoko armadak Mendebaldeko Saharan egiten dituen hainbat ekintza, 27. artikulu honetan aitortzen diren eskubideak ukatzera datozenak.
Nazioarteko legeriaren arabera ilegala da gerra batean eskualde edo lurralde bat okupatzea, lurralde baten okupazioa aldi baterakoa baizik ezin izan daitekeelako legeria horren arabera. Lurralde baten estatutua alderdi beligeranteek zehazten dute elkarrekin zuzenean negoziatuta edo erreferendum bidez lurraldeko biztanleei galdetuz nola nahi duten bizi etorkizunean —behintzat hala izan behar dela onartzen dute Estatu guztiek, Nazio Batuen Erakundeak eta Afrikako Batasunak. Duela gutxi Mohamed VI.a erregeak aterabide hori ezetsi duenean gatazka larritu baizik ez da egin.
Era berean, Nazioarteko Zuzenbideak finkatuta utzi du ez dela zilegi lurralde bat indarrez anexionatzea. Nazioarteko legeriaren arabera horrelako anexioek ez daukate inolako babes legalik eta beti izango dira balio eta oinarri gabeak.
Segurtasun Kontseiluak antzeko kasu bat aztertu behar izan zuen Jerusalem eta Siriako Golan eskualdean Israelek mantentzen zuen okupazioaren aurkako 1980ko 478. eta 1981eko 497. ebazpenak onartu zituenean. Ebazpen horien bidez israeldarren okupazioa legez kanpokotzat jo zuen eta gomendioa egin zien nazioarteko Estatuei ez zezatela onartu.
Paradoxa deitoragarriena da Mendebaldeko Saharako harresia, hainbeste urtean zutik egon arren eta hala sahararrei nola eskualde osoari hainbeste kalte egin arren, inoiz ez dela aztertu Segurtasun Kontseiluan, nahiz eta Saharako presidenteak Aljeriako “El Bilad” egunkariari adierazi zion posible zela sahararrek Hagako epaitegira jotzea hala egiteko une egokia ikusten zutenean.
Saharar eta bakearen aldeko gizaseme guztiek eginbide morala daukate arazo honi, lotsaren harresi honi, merezi duen garrantzia emateko. Harresi hau erresuma okupatzaileak eraikitako oztopo artifiziala da eta Mendebaldeko Saharako bizitza normaltzea galarazten duen faktore nagusia. Horrezaz gain, harresiak larriki kolpatzen ditu giza-eskubideak, beragatik populazio zibilak erbestea, bereizketa eta haustura sozial eta kulturala pairatzen baititu, ahaztu gabe harresiaren luzera guztian lurperatuta dauden milioika minek dagoeneko ehunka lagun, gehienak zibil errugabeak, zauritu eta hil dituztela harresi erraldoiaren alde bietan.
Historiaurretik hasi Erdi Aroan barrena jarraitu eta gaurdaino hamaika harresi eraiki izan da munduan. Zein da horietako bakoitzaren legenda? Zer egin zaio Txinako Harresiari? Zertara jo dute Erdi Aroko Europako gotorleku handigaitzak? Eta Japoniakoak? Zenbat iraun zuen Hitlerren Alemaniako Sigfried lerroak? Zer egin zitzaion Maginot Lerroari eta Atlantikoko hormari? Zertan da gaur frantsesek Aljerian eraikitako Mauricio Chall lerroa? Nola desegin zen Barlev harresia? Berlingo harresia, mundua bitan zatitzen zuen harresi famatua, zutik ote dago beti?
Horma eta harresi horiek guztiak ez daude gehiago zutik, eraiki zituztenen nahiaz kontra bada ere gerrak edo herrien borondateak lurrera bota dituztelako.
Marokok eraikitako harresia salbuespena izango ote da? Zenbat denbora iraun behar du? Errotik sinesten dugu goiz edo berandu harresi horrek ere bereak egingo dituela. Nola eta noiz eraitsiko duten, ordea, hori da oraindik ez dakiguna.
Gai honi buruz informazio gehiago:
Gaici Nah-k zuzendutako webgunea.
Esker bereziak Alicia Guisado Riañori; baita Bermeoko Udalari, Miren Josu Camposeri, a Gaizka Azcarayeri, Kadi Baniri,
Miguel Angel Marquez irakasleari, Besalderi eta proiektu honetan lagundu duten guztiei.