Sahara Mendebaldeko harresi eta minen ikerketari buruzko web gunea

Noticia
Nuevo

muros ,Eduardo Galeano

Nobedade guztiak ikusi

2008/08/20

Minak

Informazio orokorra

Minak dira arma batzuk normalean lurpean edo ezkutuan jartzen direnak eta norbaitek edo zerbaitek zapaldu ezkero eztanda egiten dutenak. Beste era batzuetara lehertarazten direnak ere badira.

Zer dira mina antipertsonalak?

Mina antipertsonalak dira azken urteotan gehien zabaldu diren minak. Presio txiki bat aski dute eztanda egiteko eta, hortaz, edozein pertsona, nagusi nahiz ume, izan daiteke euren biktima.

Zenbat mina daude munduan?

Munduko 64 herrialdetan badira 110 milioi minatik gora lurrean landatuak eta eztanda egiteko prest. Horiez gain, badira beste 100 milioi mina biltegietan pilatuta. Asia eta Afrika dira minen izurria gogorkien pairatzen duten kontinenteak. Adibidez, Angolan eta Kanbodian biztanle baino mina gehiago daude. Kuwaiten badira 280 mina kilometro karratuko. Antzera daude Erdialdeko Amerikan eta Hegoaldeko Amerikan. Europan, berriz, Balkanak, Kroazia eta Bosnia-Herzegovina minaz josita geratu dira bost urteko gerratik landa.

Zenbat mina ekoizten dira?

Munduan 50 herrialdetako 100 bat enpresak 50.000 mina ekoizten dituzte astean, hau da, minutu bakoitzeko bost mina berri dauzkagu munduko bakea hondatzeko prest. Mina antipertsonaletan badira 340 mota edo modelotik gora. Gaur egun bereizi egiten dira mina ergelak eta mina bizkorrak, edo mina detektagarriak eta mina detektaezinak. Ezberdintasunak gorabehera, halere, mina guztien ondorioak berdintsuak dira.

Zenbat balio dute?

Badira prezio guztietakoak, 05 dolarretik hasi eta 30 dolarretarainokoak. Gehienak ordea oso merke eros daitezke.

Nortzuk dira minen biktima nagusiak?

Biktimen %80 zibilak dira, batez ere umeak eta emakumeak. Minek ez daukate begirik eta ez dakite bereizten soldadua eta zibila, bake garaia eta gerra denbora. Bestalde, lurrean hain erraz landatu daitezkeenez eta gerra bat bukatu eta handik urte askora oraindik bizirik daudenez, amesgaizto itzela bihurtzen dira gerra-toki diren edo izan diren lekuetako biztanleentzat. Kanbodian, adibidez, gerra zibileko 15 urtean baino jende gehiago hil eta mutilatu da minekin hiru urteko bakealdian.

Minen ondorio sozial eta ekonomikoak

Minak aurkitu eta indargabetzea oso lan garestia da (mina bakar bat neutralizatzeak 35.000-120.000 pezeta balio dezake). Denborari bagagozkio, futbol zelai baten neurriko arlo bat ordubetean itxi daiteke minaz josita, baina mina horiek garbitzeko hiru hilabete beharko da. Horri gehitu bekio neutralizatzen diren 5.000 minako lagun bat hil eta 2 zauritzen direla.

Minak mendebaldeko Sahararen

EGOERA LARRIA!!!

Denok dakigun bezala, Mendebaldeko Saharan gerra odoltsu eta krudel bat hasi zen marokoarrek lurralde hori inbaditu zutenean.

Bidegabeko eraso horren hasieratik bertatik zabaldu zen lurralde osoan minen mamu beltza. Minen aurreneko biktima inbasioaren lehenbiziko hilabetean gertatu zen (1975eko azaroan). Ordutik hona minen uzta odoltsua ugaldu baizik ez da egin Martxa Berdeaz geroztik.

Lehenbiziko eztanda horren ondorioz saharar bati zangoa moztu zioten. Geroztik, anputazioak eta era guztietako kalte fisiko eta psikologikoak ohiko kontua bihurtu dira Mendebaldeko Saharan.

Une horretan sahararrek ihesari eman zioten babes bila. Geroztik minak gero eta gehiago erabili izan dira. Aldaketa handiak ikusten dira baita ere minen erabileran Saharako gerran zehar. Hala, 80ko hamarkada hasieran Marokoko armada harresi izugarri bat egiten hasi zen —lotsaren harresia— eta milaka mina erabili zituen bere azpiegitura militarraren funtsezko oinarri bezala.

Zenbat mina daude Mendebaldeko Saharan?

"Geu gara mundu guztian mina gehien dituen gizataldea”.

Ez alderdi beligeranteek eta ez erreferenduma gainbegiratu behar zuen nazioarteko erakundeak dakite zenbat mina jarri diren Mendebaldeko Saharan. Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere ez daukate datu zehatzik. Gaia sakonkienik ikertu dutenen arabera 100.000 mina inguru egongo lirateke Mendebaldeko Saharan. Paradoxa handiena da kopuru hori, teknikoki, 100 kilometroko harresi-zatian landatutako minen kopurua baino txikiagoa dela —eta harresiak ia 2000 kilometro izaki! Bestela esanda, kopuru hori ez da harresien ondoan landatu diren mina guztien hamarrena ere.

Iturri batzuek diotenez, bakarrik harresiko mina-eremu batzuetan bost milioi minaraino egon daitezke. Interesgarriena izango litzateke jakitea zenbat mina dauden eskualde osoan, baina datu hori inork ez daki zehazki. Batzuk zazpi milioi mina aipatzen dute eta beste batzuek aldiz, hala nola Pentagonoren kalkulu batzuek, 10 milioi mina egon daitezkeela diote. GKE batzuek Mendebaldeko Sahara herrialde minatuen TOP TENean sartzen dute, hau da, mina gehien dituzten mundu guztiko hamar herrialdeen artean, Egipto, Iran, Irak, Afganistan, Kanbodia, Angola, Bosnia-Herzegovina eta Kroaziarekin batera, besteak beste.

Zenbat mina mota daude edo erabili dira?

Zoritxarrez, 1975etik hona Mendebaldeko Sahara hemisferio bietan ekoitzi diren mina sofistikatuenen erakustoki eta froga-leku izan da.

Era guztietako gai eta motatako minak erabili dira Mendebaldeko Saharan: plastikozkoak, zurezkoak, metalezkoak eta are lonazkoak ere, 4 gramo lehergai dituztenetatik hasi eta 14 kilo lehergaitik gora dituztenetaraino.

Web gune honek duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, kalkulatzen da Mendebaldeko Saharan badirela 53 mina antitanke eta antipertsona mota baino gehiago, hau da, asmatu zirenetik hona historian zehar ekoitzi diren mina mota eta modelo guztien %20.

Zein herrialdetan egiten dira Mendebaldeko Saharan jartzen diren minak?

Portzentajeen (eta mota) hurrenkeraren arabera:

  • Aurrena Italia dago, eta ondoren Sobiet Batasuna zena, Belgika, Egipto, EEBB eta Frantzia.
  • Saharara minak esportatzen dituzten beste herrialde batzuk: Britainia Handia, Jugoslavia zena, Txekoslovakia zena, Grezia eta Hegoafrika, besteak beste.

Espainiak ere bi mina mota ditu Saharan. Bestalde, hainbat txostenetan jasotzen den bezala, pirateria sare bat dago eratuta minak saldu, inportatu eta esportatzeko. Ondo frogatuta dago Maroko sare horretako partaide garrantzitsua dela, nahiz eta dagoeneko 14 urte igaro diren “su-etena” aldarrikatu zela MINURSO antzuaren begipean.

Non daude lurperatuta normalean?

Jakina, ezinezkoa da zehazki esatea non dauden lurperatuta. Teorian, minak erabiltzen direnean arau orokor batzuk bete behar dira, baina gutxitan betetzen dira eta hartara zailagoa baino ez da jakitea non dauden ezkutatuta. Hona hemen minak non jarri erabakitzerakoan kontuan hartzen diren faktore batzuk:

Minak lurperatzeko toki ohikoenak:

  • Harresiaren aurrealde, aldamen eta sakontasun guztian. Horiek dira tokirik arriskutsuenak.
  • Estepak edo harritzak.
  • Militarren biltoki izandako lekuak (asentamenduak edo aterpe abandonatuak)
  • Tontorrak eta lautadak..
  • Erabiltzen ez diren bide zaharrak.
  • Zerbitzuz kanpo dauden ekipamendu, tresneria, tanke eta bestelakoak.
  • Wadi edo erreka bokale edo ahoak.
  • Batailaren bat borrokatutako lekuak.
  • Maniobretarako erabilitako lekuak.
  • Bazkalekuak.

Ezbeharrak, biktimak eta konponbidea

Marokoarrek Saharan eraiki duten harresiaren alde bietan gertatzen diren kontaezineko ezbeharrak dira egoera honen alde mingarriena. Normalean, mundu osoan bezala, biktima horiek haurrak izaten dira, CICRen txostenetan ikusten den bezala, baina emakumeek eta gainerako zibilek ere aukera handiak dituzte harresiaren biktima bihurtzeko.

Ezbehar horiek oso toki apartatuetan gertatzen direnez orduak eta batzuetan egun osoak behar izaten dira zauritua eritetxe batera eramateko. Ondorioz, maiz gertatzen dira hemorragia larriak. Bestalde, bai garraiobideak eta bai laguntza emateko pertsonala oso eskasak direnez, zailagoa izaten da zaurituei hasierako laguntasunak ematea.

Biktima horiek eritetxeetara heltzen direnean, esaterako Marokon, ez zaie ematen halako istripu bat jasan duen pertsona bati zor zaion arreta.

Gogoan daukagu Hjeiba Mint Aueimir izeneko neskato bati duela ez asko gertatu zitzaiona. 2004ko martxoan, neskato horrek istripu larri bat izan zuen Twezgui eskualdeko harresiaren inguruan zebilenean. Bere senideak ez ziren aberatsak baina eginahalean saiatu ziren neskatoari behar zuen laguntza guztia ematen. Bizkitartean, aitak inondik ez zezakeen bildu haurra artatzeko eskatzen zioten dirutza, eta beste biderik ez zuten izan baizik eta besoak gurutzatu eta zain geratu, ez jakinez neskatoak onera egingo ote zuen ala bizia galduko zuen.

Ez ahaztu istripu hori Marokoko lurretan gertatu zela eta Marokoko Kanpo Harremanetarako ministroak ICBri esana ziola “Marokoko Gobernuak lehentasuntzat hartzen du biktimak artatzea eta biktimen gizarteratze lanaz arduratzea”. Ez ote litzateke hobe Marokorentzat minak desaktibatzen hasiko balitz eta zeregin horretan esku bat ezarriko balie NBEari eta POLISARIOAri, biktima berriak noiz agertuko zain egon beharrean? Baina, jakina, gauza bat dira hitzak eta beste bat egintzak.

Saharako GKE batzuek bere gain hartu zuten neskatoaren kasua eta laguntza bila hasi ziren. Suitzako Minen Biktimen elkarteari esker, batzorde mediko bat heldu zen eta bere eskuetan hartu zuten afera. Hjeiba eritetxera eraman zuten baina zango bat moztu behar izan zioten, denbora gehiegi egona zelako behar bezalako zainketarik hartu gabe.

Holako kasuak sarri ikusten dira, denak ere begira ea noiz arduratuko diren euretaz Estatuak, gizarte zibila, nazioarteko GKEak. Horiek arduratu ezik euren sufrimenduak ez du azkenik izango.

Zein da Saharako arazoa?

Saharako arazoa are larriagoa egiten da nazioarteko komunitateak Saharako gatazka bidegabeki bazterrera utzia duelako eta minek eta lehertzeke dauden gainerako gailuek eragiten dituzten kalte larriez batere axolatzen ez delako.

Nazioarteko erakundea ez da batere axolatzen leherketa horiek Saharako zibilei eta albo-herrialdeetako hiritarrei dakarzkieten kalteez.

Saharan bada minen aurka ekiteko mugimendu berri bat. Borroka horretan aurreratzeko beharrezkoa da GKEek ere parte hartzea kanpaina komun bat abiatuz arma krudel eta hilgarri horien aurka. Garrantzitsua da baita ere nazioarteko mugimendu zibikoari minei buruzko informazioa eskaintzea, jakin dadin zein den Saharako egiazko egoera.

Mendebaldeko Saharako minen aurkako borrokak baditu eragozpen batzuk. Hona hemen garrantzitsuenak:

  • 1. Mendebaldeko Saharako minei buruzko albiste guztien gainean Marokok ezarrita daukan informazio blokeo gogorra.
  • 2. Hala bertako biztanleek nola GKEek minen arriskua gutxiesteko duten joera.
  • 3. Egoeraren jarraipena egiteko azpiegitura espezializaturik eza.
  • 4. Gai honetan inolako politika argirik eza etorkizunari begira.
  • 5. Gerra baten esperientzia bizi izan arren langile kualifikaturik eza, eta baliabide teknologikoen garestitzea.
  • 6. Minen arriskuari buruzko sentsibilizazio kanpainen jarraitasunik eza.
  • 7. Desabantaila gogorra da arlo honetan lan egiten duten GKEekin lankidetza aktiboan ez aritzea.
  • 8. Biktimek eta bizirik atera direnek etengabeko laguntza eta arreta behar dute, batez ere protesiak, gizarteratzea, heziketa eta beste hainbat gauza.
  • 9. Oso garrantzitsua da ikerketa tekniko orokor bat egitea alderdi beligeranteek baimendutako guneetan.
  • 10. Nazio Batuek, alderdi beligeranteek eta nazioarteko komunitateak eginbidea eta ardura daukate minek eragindako kalteak arintzen laguntzeko minen aurkako ekimenak abiatuz eta, batez ere, Mendebaldeko Saharako mina eremu guztien desminaketa humanitario bat eginez.

Desminaketa humanitarioaren erreferentziak

Zer da desminaketa?

Desminaketa humanitarioa da minen aurkako borrokan egin daitekeen ekintza garrantzitsuenetako bat. Desminaketa prozesuan hainbat lan mota sartzen dira, denak ere minak eta lehertu gabeko munizioak erauzi eta desagertarazteko asmoz egiten direnak. Lan horien artean sartzen dira ikerketa teknikoak, altxamendu kartografikoak, erauzketa lanak, seinaleztapena, desminaketaren osteko dokumentazioa, minek kaltetutako komunitateekiko harreman zuzenak eta desminatutako lur-arloen eskualdaketa.

Mina-kentze lanak desminaketa humanitarioaren zati txiki bat baino ez dira, nahiz eta zati garestiena izan. Hainbat metodo asmatu dira minak aurkitu eta desaktibatzeko, eta banaka zein nahastean erabiltzen dira. Nolanahi ere, minak lehertarazteko lana espezialisten eskuetan uzten da.

Desminaketari buruzko jarrerak:

Fronte POLISARIOA

Beti agertu da prest eta gogotsu Mendebaldeko Saharako mina guztiak kentzeko eta laguntza osoa eskaini die horretan ari diren GKEei, bereziki “Franfurkt Nazioarteko Medikua” GKEari, zeinarentzat zirriborro bat prestatu baitzuen minen kokaleku orokorra markatuz. Laguntza bera eskaini dio baita ere nazioarteko zenbait erakunderi, hala nola MINURSOri.

Esta acción esta dirigida por la ONG Land Mines Monitor.

Gaur egun desminaketa humanitarioko lan batzuk egiten ari dira Polisarioaren mende dauden zenbait tokitan, baina Marokok ez du inolaz ere onartzen gauza bera egitea berak okupatutako lurretan.

Lan hori Land Mines Monitor GKEak zuzentzen du.

Maroko:

Marokoko gobernua etengabe ari da oztopoak jartzen desminaketa humanitarioko ahaleginak trabatzeko. Horrezaz gain, beti ezkutatu du minen arazoaren benetako dimentsioa, datuak aldatuz edo estaliz. Azkenik, laguntza guztia ukatzen die minen biktimei, arlo horretako itun eta hitzarmenak hautsiz.

Marokoarren mina erreserbak gai tabu dira. Nola Maroko ez den ICBLk (Internacional Comitte Ban Landmines) bultzatutako Mina Antipertsonalen Debekurako Nazioarteko Batzordeko kide, ez dio inori ezelango konturik ematen bere ekintzez.

Marokok mendean dituen lurraldeetan ez die behar bezalako laguntzarik eman MINURSOren ingeniari taldeei eta ez du onartu kontrolatzen dituen lurretan minak ez osorik ez zatiz ken daitezen arrazoi humanitarioengatik.

Nazio Batuak (MINURSO)

Gorengo mailako instantzia hau zain dago ikusteko nolako akordioak sinatuko dituzten Polisarioak eta Marokok, baina ezagun du ez daukala batere asmorik alderdien gainean indarrik egiteko lan humanitario bat bultzatzeko.

Minak kentzen espezializatutako MINURSOren tropek ere ez dute konpromiso sendorik hartu lan horretan.

Aldiz, Suitzako kontingentea, marokoarrek askotan jartzen dizkieten oztopoak gorabehera, beti agertu da prest minak desaktibatzeko harresiaren alde bietan; halere, hiru astean mina bi baizik ez zituzten neutralizatu, eskualde osoa minaz josita egon arren.

Pakistandarrek beste lan molde bat aukeratu zuten: lanari “adarretik heldu” beharrean, base bat eraiki zuten euren soldaduak aterpetzeko. Makina bat kritika ekarri zizkien horrek minen aurka lanean diharduten GKEen aldetik.

NBEaren txosten batzuetan desminaketa operazio batzuk aipatzen dira baina zehaztu gabe zein tokitan burutu diren eta zer lan egin den zehazki.

Gobernuz kanpoko erakunde batzuk:

Norvegiako Herri Laguntza. “NPA”

Hauxe izan zen lehenbiziko GKEa errefuxiatu sahararren kanpamenduetan populazio zibilari informazioa eman ziona minek eta lehertu gabeko gainerako lehergailuek daukaten arriskuari buruz. 1999tik 2000ra bitartean egin zuen informazio lan hori.

Kooperante atzerritarren klaustroak 1999ko uztailean prestakuntza eman zion lehenbiziko saharar taldeari gero urrian talde handi bat prestatzen hasteko eta denen artean aukeratzeko minen arriskuaz sentsibilizatzeko jende egokiena.

Wilaya bakoitzean talde bat sortu zen eta beste bat “Otsailak 27” eskolarako.

Kooperante atzerritarren ustez oso lan ona egin da minen arriskuei buruzko prestakuntza ematean, batez ere, emakume taldeei eta baita ere errefuxiatu sahararretako eskoletan.

Talde honek lehenbiziko azterketak ere burutu zituen jakiteko zenbat zekiten herritarrek minen arriskuei buruz.

Minen arriskuei buruzko sentsibilizazio lana Mendebaldeko Saharako lurralde askatuetaraino zabaltzea zen GKE horren helburua.

Zoritxarrez, bai bakerako aukerak eta bai errefuxiatuak beren etxeetara itzultzeko aukerak oso ilunak ziren garai batean Norvegiako Herri Laguntzak erabaki zuen bere proiektuak bertan behera uztea eta egoera zertxobait hobetzen zenean itzultzea.

GKE honek dioenez, Polisarioak oso laguntza zabal eta zintzoa eman zion bere lanean, batez ere beste herrialde batzuetan hartu dutenarekin alderatuta.

"Frankfurt" Nazioarteko Medikua:

2000. urtean, erreferenduma egiteko itxaropena zertxobait biziagoa zen garaian, erakunde honek, Fronte Polisarioarekin koordinaturik eta Norvegiako Herri Laguntza taldearekin batera, Mendebaldeko Sahararen erabateko desminaketa humanitarioa egiteko ardura hartu zuen. Azkenean baina, beldurra zegoen bezala, Marokok ezetz biribila eman zion proiektuari.

Zer egin daiteke?:

  • Onena izango litzateke kanpaina bat egitea maila guztietan munduko iritzi publikoak jakin dezan nolako arriskua dagoen Mendebaldeko Saharan minengatik, eta presioa egitea GKEekin eta minen aurkako militanteekin Marokok onar dezan behingoz Sahara osoaren desminaketa humanitarioa. Orduan ere, dudarik gabe, aitzakia berriak asmatuko lituzke Marokok minak ez kentzeko, baina lanak izango lituzke uko hori iritzi publikoari onartarazteko.
  • Maroko behartu kontrolatzen dituen lurraldeetako biktimei behar den laguntza ematera.
  • Maroko behartu argi adieraztera zein den bere jarrera minen inguruko lanei buruz.
  • Salaketa gutunak bidali munduko presidente, pertsonalitate, GKE eta nazioarteko erakundeei.
  • Azkenik, azpiegitura bat sortu sahararren artean desminaketa lanen jarraipenaz eta koordinazioaz arduratzeko.

Konklusioa: Gaur egun munduko iritzi publikoak, NBEko gorengo mailek eta GKEek ez dute batere axolarik agertzen Saharako populazio zibilak bizi duen egoera latzaren aurrean, ez da kontuan hartzen populazio hori ez bakarrik egunoroko errepresio sistema baten azpian bizi dela baizik eta, gainera, milioika minaz jositako lurralde baten erdian preso aurkitzen dela eta egoera horretan milaka lagun daudela arrisku gorrian eta beren oinarrizko giza-eskubideak zapalduta. Egoera horretaz jabetu beharko lirateke, beraz, eta behar diren neurriak hartu giza-eskubide horiek bermatzeko.

Mendebaldeko Saharako minei buruzko urteko erreporteak

Mendebaldeko Saharari buruz Land mine monitor erreporte ezberdinak (ingelesez).

Minei buruz informazio gehiago

Minei buruz informazioa.

Ayuntamiento de Bermeo
Itzulpena: Bermeoko Euskera Saila

XHTML 1.1 válido CSS 2.1 válido WAI A PHP Powered Mysql Powered

murominassahara.org © 2008

Gaici Nah-k zuzendutako webgunea.
Esker bereziak Alicia Guisado Riañori; baita Bermeoko Udalari, Miren Josu Camposeri, a Gaizka Azcarayeri, Kadi Baniri, Miguel Angel Marquez irakasleari, Besalderi eta proiektu honetan lagundu duten guztiei.